Komunika zaitez

MUGIa 2022. urtearen hasieran helduko da Bilboko metrora

  • Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak jakinarazi duenez, 2022. urtearen hasieran Bilboko metroan bidaiatu ahal izango da MUGI txartelarekin.
  • Rafaela Romero, GGLAko presidenteak honakoa adierazi du: “Mugarri berri bat da, MUGIaren erabileraren irismena hobetzen duena, Gipuzkoaren eta gipuzkoarren mesedetan. Urtebetean, Gipuzkoatik Bilbora bidaiatzen duten bidaiarien kopurua 824.129 da; eta, egunero, ia 4.000 pertsonek erabiltzen dute garraio publikoa.”

Tituluen elkarreragingarritasunean aurrera egiteko, mugikortasun-sistema iraunkorrago baterantz aurrera egiteko funtsezko piezetako bat den aldetik garraio publikoa bultzatzeko, eta diseinatutako Master Plana ezartzen jarraitzeko, erabaki berriak hartu dira aste honetan: 2022aren hasierarako, MUGI txartelarekin Bilboko metroko linea guztietan bidaiatu ahal izango da.

Horrenbestez, MUGI txartela 2022ko lehen hiruhilekotik aurrera erabili ahal izango da Bilboko metroan. Hori guztia Rafaela Romero GGLAko presidentearentzat “mugarri berri bat da, MUGIaren erabileraren irismena hobetzen duena, Gipuzkoaren eta gipuzkoarren mesedetan. Urtebetean, Gipuzkoatik Bilbora bidaiatzen duten bidaiarien kopurua 824.129 da; eta, egunero, ia 4.000 pertsonek erabiltzen dute garraio publikoa. Horrela, bada, MUGIk gero eta komunitate handiagoa osatzen duenez, gure ustez, beharrezkoa da Bizkaiara lekualdatzean bertako garraio-operatzaile inklusiboenetakoa eta sozialenetakoa den Bilboko metroan bidaiatzeko aukera eskaintzea.”

Horretarako, CTBk (Bizkaiko Garraio Partzuergoak) metroko 1. eta 2. lineetan txartel guztien elkarreragingarritasuna ahalbidetzeko beharrezkoak diren aldaketa guztiak jarriko ditu martxan; izan ere, gaur egun, metroko 3. linean soilik bidaiatu daiteke MUGIarekin.

Rafaela Romeroren ustez, “akordioak gure asmoei erantzuten die, eta MUGI txartelaren erabilera zabaltzeko hobekuntza nabarmena da. Hobekuntza horrek ezin zuen gehiago itxaron; denbora asko daramagu iristeko zain.”

MUGIa Bilboko metroan erabili ahal izango da agintari guztien lankidetzari esker, hala nola Eusko Jaurlaritzarenari esker; berebiziko lana egin du azken horrek Bilboko metroan elkarreragingarritasun-ezaugarri hori lortzeko.

Ildo horretan, GGLAko presidenteak nabarmendu du "eskerrak eman nahi dizkiela Bizkaiko garraioko organo eskudunei, CTBri kasu, iraganean erakutsi duten eta, batez ere, etorkizunera begira, MUGIren erabilera bermatzeko hurrengo 7 hilabetetan egin behar diren garapen teknologikoak burutzeko eskaini duten lankidetzagatik”.

GGLAtik nabarmendu nahi izan da garraio publikoak ez duela mugarik edo oztoporik izan behar, herritarrek harekiko hautua egin dezaten. Era berean, adierazi da beharrezkoa dela garraio publiko sare guztia konektatuko duen eta irisgarria izango den txartel bakar horren alde lan egitea, aukera berdintasuna bermatzeko eta herritarren arteko ezberdintasunak ezabatzeko; ez bakarrik gure lurraldean, baita herrialde osoan ere.

2014. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Mugikortasunaren Agintaritzaren, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren eta GGLAren baterako lanari esker, elkarreragingarritasuna mugarriak ezartzen eta hedatzen joan da. Horrela, bada, urte horretan diseinatutako Master Planari jarraiki, pixkanaka, inguruko lurraldeetako garraiobide batzuk bat egin dute bide horretan: Bilboko tranbiak eta Larreinetako funikularrak (2014), Gasteizko tranbiak (2015), Euskotrenen linea orokorrak (2016) eta Arabako hiriarteko autobusek (2021). Era berean, Gipuzkoan, 2017an, BAT eta BARIK txartelen erabilera ahalbidetu zen Dbusen; eta, laster, berrikuntza teknologikoekin batera, txartel horiekin bidaiatu ahal izango da Lurraldebusen zerbitzuetan. Azkenik, elkarreraginkortasun horretara batuko diren operatzaileak TUVISA (Gasteizko hiribusa) eta Bilboko metroa izango dira, 2021ean eta 2022ean, hurrenez hurren.

 

 

GGLA

GGLAk unean uneko garraio zerbitzua eskaintzen dio Gipuzkoari, baliabide eta operadore desberdinak bateratzeaz gain, herritarrentzat informazioa hobetzen.
GGLA ZUREGANDIK HURBILAGO.

Kontaktua

Easo kalea 74, 1C

20006 Donostia

info@mugi.eus

943 000 117