Astelehenetik igandera bitarte Europako Mugikortasunaren Astea ospatzen ari da, eta ospakizunaren baitan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) MUGIpuzkoa ekimena martxan ipiniko du. Honela, bost udalerri bisitatuko ditu egitasmoak.
GGLAtik azaldu dutenez, ekimenaren atzean MUGI sistema herritarrengana gerturatzeko ahalegina dago, eta bide batez, MUGI txartela eta garraio publiko jasangarria sustatzea. Antonio Aizen ustetan “ohartu gara herritarrek gertutasun hori eskertu egiten dutela, eta Agintaritza bezala sustatu nahi dugun garraio publiko eredua gizarteratzeko baliagarria zaingu MUGIpuzkoa ekimena”. Gainera, Donostiatik haratago, “Gipuzkoako udalerriak bisitatzeko aukera emango digu, lurralde osoaren kohesioa eta oreka bultzatuz”.
GGLAk tinko eusten dio garraio publikoa sustatzeko erronkari, elkarreraginkortasunari arreta berezia jarriz. “Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dugu, eskaintza lehiakorra ematea da helburua, eguneroko joan-etorrietan lehen aukera izatea nahi dugu, ibilgailu pribatua etxean uztea, garraio publikoa erabiltzaileentzat askoz ere aukera erosoago, merkeago eta eraginkorrago bilakatuz”. Aizen ustetan, garraio modu ezberdinen arteko trasbordoak eta konbinazioak erraztea izango da erronka nagusia “trena, busa edo bizikleta bata bestearen osagarri baitira”.
Estrategia horren baitan kokatzen da MUGIpuzkoa ekimena, eta bost espazio ezberdinek osatutako guneak, “garraio publikoaren onurak gizarteratzea eta MUGI txartela sustatzea izango du helburu”. Espazio horietan MUGI txartela tramitatzeko aukera izango da. Horretarako, interesa duten herritarrek gunean bertan izango dute argazkia ateratzeko, beharrezko agirien kopiak egiteko (NAN eta Familia Liburua), inprimakia betetzeko eta ordainketa burutzeko aukera. Era berean, erabiltzaileek txartelaren inguruko kezkak eta zalantzak argitu ahal izango dituzte eta, nola ez, ekarpenak egiteko aukera eskainiko da.
Honetaz gain, ostiral eta larunbatean Irunen antolatuko den MUGIgunean bizikleten oinarrizko azterketa teknikoak egingo dira, osasun azterketak burutzeko aukera egongo da, zozketa ezberdinetan parte hartzeko aukera izango da eta erabiltzaileek MUGI txartelaren inguruan daukaten iritzia emateko aukera izango dute.
MUGIpuzkoaren ondorengo zitak
Arrasaten eman dio hasiera MUGIpuzkoa ekimenak (gaur, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara), baina beste 4 udalerritatik pasako da datozen egunetan. Hurrengo zita Irungo Zabaltza plazan izango da, ostiralean (goizez, 11:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara) eta larunbatean (10:30etik 14:30era).
Azkoitia (irailaren 24an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara), Zumaia (irailaren 25ean, 10:30etatik 15:00etara) eta Tolosa (irailaren 26an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara). Garraio Agintaritzatik azpimarratu dutenez, “MUGIpuzkoa herritarrekin interakzioa bilatuko duen espazio interaktiboa da”.
Arrasaten lehen geltokia
Maria Ubarretxena alkateak adierazu duenez “Arrasate oso ondo komunikatuta dago bailarako herriekin eta EAEko hiru lurraldeetako hiriburuekin. Garraio publikoaren erabilera asko areagotu da azken urte hauetan, Lurraldebusek ematen duen zerbitzu onaren eraginez. Oraingoan aurrera pauso bat emango dugu eta Arrasaten MUGI txartela kargatzeaz gain, aukera izango dugu MUGI txartela tramitatzeko, horrela arrasatearrei eta bailarako biztanleei zerbitzu berri bat emanez”.
Garraio Jasangarriaren aldeko apustua
Aizek adierazi duenez Euskadi eta Gipuzkoa “ez dira zerotik abiatzen, urte askotako lana egin baita”, baina egungo ereduak “gizarte, ingurumen eta ekonomiaren aldetik dituen kostuak arintzen lagunduko duten alternatibak aurkitu behar ditugu”, eta ezaugarri nagusia iraunkortasuna edo jasangarritasuna izango duen ereduan sakondu. Lan esparru ezberdinetatik ekin behar zaio erronka honi: maila ezberdinetako trenbide sarea osatuz, ibilgailu elektrikoen erabilera eta birkarga azpiegituraren sustapenarekin, edo garraio publikoaren elektrifikazioarekin, besteak beste.
Antonio Aiz GGLAko presidentea “erakunde ezberdinen arteko elkarlanaren alde” agertu da, bere ustetan “hau baita herri, eskualde eta lurralde ezberdinen artean garraio sistema integratu bakar bat osatzeko errezeta”. Prest agertu da Gipuzkoako Garraio Agintaritzatik “bide horretan sakontzeko”, eta “garraio sistema jasangarri bateratuaren aldeko herri akordio bat” sustatzeko deia egin du.