Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) jakinari duenez, apirilaren 1etik aurrera MUGI sistemako tarifa berriak sartuko dira indarrean, eta tarifa berriekin batera, beherapen eta hobari berriak aplikatuko dira. Bestalde, egun berean, RENFE aldiriak zerbitzua MUGI sistemaren baitan txertatuko da.
Tarifa-esparru berriak abantailak ekarriko dizkie MUGI txartel pertsonalizatua darabilten erabiltzaileei: hileroko lehenengo hogei bidaien prezioan % 47ko beherapena aplikatuko zaie; bigarren eta hirugarren jauzietan, berriz, % 57ko eta % 90eko beherapenak mantenduko zaizkie (2. tramoa: 21 eta 50 bidaia artekoa; eta 3. tramoa: 51 bidaiatik aurrera).
Hala ere, aldaketen onuradun nagusiak bidaia gehien egiten dituzten gazteak izango dira, zalantzarik gabe. Txartela kargatzen duten aldiro, egindako kargaren % 25 gehituko zaie txartelera; hau da, 10 euroko karga egiten duten bakoitzean, 2’5 € oparituko zaizkie. Gainera, hileko 51. bidaiatik aurrera (3. jauzia), doan bidaiatuko dute MUGI sistemaren baitan dagoen Gipuzkoako garraio publikoan.
RENFE MUGI sisteman
Tarifa berriak indarrean sartzearekin bat, RENFE aldiriak MUGI sistemaren baitan txertatuko da. Beraz, apirilaren 1etik aurrera —astelehena—, MUGI txartela erabiltzeko aukera izango da RENFE aldirietan, txartelak eskaintzen dituen eskubide eta abantaila guztiekin batera; izan ere, orain arte, ordainketa egiteko soilik erabil zitekeen txartela.
Korapilatsua eta luzea izan da RENFE aldiriak MUGI sistemaren baitan txertatzeko bidea. Gipuzkoarrek urteetan egindako eskaria izan da, eta indarrean sartzeko, aurrez, GGLA eta RENFEk aldaketa tekniko sakonak egin behar izan dituzte. Baina astelehenetik aurrera, Gipuzkoa eta MUGI sistema erabateko integrazio tarifarioa eta modala eskaintzen duen lehenengo lurraldea eta sistema bilakatuko dira.
GGLAk emandako datuen arabera, urtero 7 milioi pertsonek erabiltzen dute RENFEren zerbitzua, batik bat Oria eta Irun-Oarsoaldea korridoreetan. Akordioari esker, erabiltzaile horiek MUGI sistemak eskaintzen dituen deskontuak eta abantailak eskuratzera igaroko dira: erabileraren araberako deskontuak, eta kolektibo berezientzako hobariak (gazteak, familia ugariak, adinekoak, errenta sozialak); hau da, Lurraldebuseko, Euskotreneko, DBuseko edota sisteman integratuta dauden bestelako hiribusetako erabiltzaileek dituzten abantaila berdinak.
RENFE aldirien integrazioak ez du MUGI sistemak orain arte zehaztuta duen eremu banaketa aldatuko; eta, hortaz, tarifak jauzien araberakoa izango da, RENFEren bidaia txartelek bestelako irizpideak mantenduko dituzten arren. MUGI sistemak zehaztuta duen eremu maparen arabera, RENFE aldiriaken ibilbideak MUGIren lau eremu zeharkatzen ditu: Goierri, Tolosaldea, Donostialdea eta Bidasoa. Behealdeko taulan, RENFE aldiriak igarotzen den geltoki bakoitza zein MUGI eremutan kokatuta dagoen zehazten da:
Hauxe da indarrean dagoen MUGIren eremu banaketa: