Apiriletik aurrera aldirikako RENFE MUGI sisteman integratuko da. Horren aitzakian, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) MUGIpuzkoa ekimena atzo hasi zuen Hernanin eta datozen astetan Gipuzkoako beste lau udalerri bisitatuko ditu. Egitasmoak MUGI sistema herritarrengana gerturatzea eta MUGI txartela zein garraio publiko jasangarria sustatzea du helburu.
“MUGIpuzkoa herritarrekin elkarreragitea bilatuko duen espazio interaktiboa da, garraio publikoaren onurak gizarteratu eta MUGI txartela sustatzea xede duena. Aldi berean, MUGI sistema eskualde ezberdinetara gerturatzea ahalbidetuko du”, adierazi dute Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik.
MUGI sistema urtetik urtera hazten doa kuantitatiboki zein kualitatiboki. Horren erakusle dira datuok: 2018an 180.000 pertsona baino gehiagok erabili du egunero garraio publikoa eta MUGI txartela; eta, 69 milioi bidai baino gehiago egin dira MUGI sistemaren operadoreen bidez.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza sare sendoago eta bateratuago bat osatzen dabil, erabiltzaile berriak erakarrita garraio publiko ezberdinetara, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz. Garraio publiko jasangarriago baten alde GGLA egiten ari den apustu sendoaren erakusle da aldirikako RENFE sisteman txertatzea.
RENFE MUGI sisteman
Apiriletik aurrera aldirikako RENFE MUGI sisteman integratuko da eta, horren aitzakian, MUGIpuzkoa ekimen ibiltaria Gipuzkoan barrena zenbait bisita egingo ditu. Lehena atzo egin zuen, Hernanin; bihar, berriz, Zumarragan izango da, eta beste hiru geldialdi egingo ditu Irun, Tolosa eta Ordizian –bisitatuko dituen bost udalerrietan RENFEko tren geltokia dago–.
GGLAko arduradunek azpimarratu dutenez, “Gipuzkoako garraio publikoaren sarea osatzen duten operadore guztiak MUGI sisteman batzea oso positiboa da, batez ere garraio publikoa erabiltzen duten herritarrentzat, eta bereziki, egunero RENFEko aldirietako trena Oria eta Irun-Pasaialdea korridoreetan erabiltzen dutenak”.
MUGIpuzkoak, besteak beste, aldaketa eta onura horiek herritarrei azaltzeko balioko du, MUGI sistemaren inguruko informazioa eta MUGI txartela egiteko aukera eskaintzearekin bat. Izan ere, herri bakoitzean egingo duen geldialdian bost orduz egongo baita herritarrekin: goizez, 11:00-13:00; eta arratsaldez, 16:00-19:00.
Egonaldi horietan MUGI txartela eskuratzeko aukera izango da. Interesa duten herritarrak, gunean bertan izango dute argazkia ateratzeko, beharrezko agirien kopiak (NAN eta Familia Liburua), inprimakia betetzeko eta ordainketa egiteko aukera. Era berean, erabiltzaileek txartelaren inguruko kezkak eta zalantzak argitu ahal izango dituzte eta, nola ez, ekarpenak egiteko aukera eskainiko da.
Amaitzeko, GGLAtik gogorarazi nahi izan dute Aldirikako RENFE zerbitzuan MUGI zein Lurraldebus txartelekin bidaiatu daitekeela.