
Maiatzaren 4an “Nazioarteko Star Wars eguna” ospatzen dela eta, ‘May the 4th (Force) be with you’ (Indarrak lagun zaitzala) esaldiarekin bat etorrita, R2-KT robotak Donostiako Ospitaleko haurrei opariak eman zizkien, ASPANOGIri, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteari, babesa emanaz. Ospitalera joateko, KaTy robotak Mugi txartel pertsonalizatua erabili zuen, autobusa Boulevard-en hartu ondoren.
R2-KT edo KaTy, Star Wars filmeetako R2-D2 robot kutunaren arrosa koloreko bertsioa da, kasu honetan, filmeen jarraitzaile sutsu diren Donostiako elkarte bateko kideek sortutakoa.



Bere sorrerak 501. Legioko fundatzailetako baten, Albin Johnsonen, bizitza pertsonalarekin zerikusi zuzena du. 501.Legioa, Star Wars-eko arropen nazioarteko elkarte bat da eta bere presentziarekin ekintza solidarioak bultzatzen ditu. 2004. urte amaieran, bere alaba txikiak garun-tumore bat zuela jakin zuen. Gaixorik zegoen bitartean, Johnsonek eta elkarteko beste kideek R2-KT sortu zuten Katie txikiari laguntzeko. Momentu horretan, droidea minbizia duten haurren sinbolo bihurtu zen.
Orduz geroztik 501. Legioak eta R2-KT robotak, Star Wars komunitatearekin batera, minbiziaren kontrako borrokarako diru-laguntzak lortzeko kolaboratzen du.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak ekimenarekin bat egin du horretarako KaTy-rentzako Mugi txartel pertsonalizatua sortuz eta R2-KT eta 501. Legioarentzako autobus bat egokituz, hauek, Boulevard-etik Donostia Ospitalera joan zitezen, KaTy-k horrelako bidaiak egiteko garraio publikoa ezinbestekoa delako.