Erregelamenduak garraio publikoaren erabilera unibertsala bermatu nahi du.
Mugi eta Lurraldebus txartelak pertsonalak eta besterenezinekoak dira, beste norbaiten txartela erabiltzea zigortu egingo da.
Datorren larunbatean, martxoaren 14ean, Gipuzkoako garraio publikoaren erregelamendu bateratua indarrean sartuko da. Erregelamenduak honako hauek arautzen ditu, besteak beste: mugikortasun murriztua duten bidaiariek autobusetan eserita joateko duten lehentasuna, etxeko animaliak eramatea (txakurrak eta katuak), eta autobusetara haurren kotxeekin edota bizikletekin sartzeko bidaiariek duten eskubidea. Gainera, txartelak pertsonalak eta besterenezinekoak direla azpimarratzen du araudiak. Beraz, beste norbaitena den txartela erabiltzea zigortu egingo da.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak autobusetan hainbat argibide-taula jarriko ditu bidaiariek erregelamenduak dioena eta txartelen erabileraren baldintza orokorrak ezagutu ditzaten. Hala, mugikortasun murriztua duten bidaiariak zeintzuk diren argituko da (erregelamenduak mugikortasun urriko pertsonen taldea erabat zabaldu du), ordaindu gabe bidaiatzeagatik jarriko diren isunak, edota autobus-txartela leihatilan edo Internet bidez erosten bada Mugi edo Lurraldebus txartelaren eta tiketaren zenbakiek bat etorri behar dute.
Hortaz, erregelamendu bateratua indarrean sartzen denetik aurrera, autobus-txartela leihatilan edo Internet bidez saltzen duten konpainietan (PESAn) autobus-tiketa Mugi edo Lurradelbus txartelen bidez ordaindu bada, autobusean igo aurretik, gidariak baieztatu beharko du bidaiatzera doana txartelaren jabea dela. Hori ziurtatzeko bi dokumentuak erakutsi beharko dira, Mugi edo Lurraldebus txartela eta autobus-tiketa. Biak ez badatoz bat, bidaiatu ahal izateko, beste autobus-tiketa erosi beharko da.
Bidaiaren prezioan beherapen handiak lortzeko eskubidea ematen duten Mugi eta Lurraldebus txartelak (% 45 eta % 90 arteko beherapenak) pertsonalak eta besterenezinak direla behin eta berriz azpimarratu nahi du Gipuzkoako Garraio Agintaritzak. Hala, inoiz ezingo da erabili beste norbaiten txartela, nahiz senitartekoa izan. Eta, erregelamenduaren arabera, beste norbaiten txartelarekin bidaiatzen duenak 50 euroko errekargua izango du. Berehala ordainduz gero, 20 eurokoa izango da errekargua.
Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzak garbi utzi nahi du erabaki hori ez dela hartu dirua jasotzeko asmoarekin, beste asmo batekin baizik: garraio publikoa denon kontua dela jendea kontzientziatu, alegia. Izan ere, ordaintzen ez dutenek edo merezi ez dituzten beherapenak eskuratzen dituztenek eragindako iruzurrari Gipuzkoako gizarte osoak egiten dio aurre. Kontuan izan behar da, Mugi sistema garraio publikoaren erabilera sustatzeko sortu dela. Horrela, garraio publikoa gehien erabiltzen duena saritzen da eta administrazioak bere gain hartzen du bidaiariak lortzen dituen deskontuak.
Irisgarritasun unibertsala eta berdintasuna
Jasangarritasun politikan aurrera eginez, beste pausu bat eman nahi izan du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, garraio publikoan irisgarritasuna bermatzea, alegia. Horrela, ibilgailu guztietan mugikortasun murriztua duten pertsonentzat erreserbatutako plazak eta espazioak daude; halaber, informazioa prestatzerakoan, Garraioaren Agintaritzak berdintasun irizpideak, hizkuntza barneratzailea eta ulerterraza erabili ditu.
Erregelamenduaren arabera, oro har, honako hauek dira mugikortasun murriztua duten bidaiariak: beren burua edo beste batzuk arriskuan jarri gabe zutik bidaiatu ezin duten pertsonak. Beraz, adin handikoaz, haurdun dauden emakumeaz edo haur txikiekin doazen pertsonaz gain, erregelamenduak arreta berezia dauka garraio arrunta erabiltzeko zailtasuna dutenekin. Hau da, ikusmen, entzumen edo mintzamen zailtasunak dituztenekin; bihotzeko gaixotasunak edo arnasa-eritasunak dituztenekin eta, besteak beste, gorputz-adar immobilizatu dauzkatenekin edo makuluak erabiltzen dituzten pertsonekin. ONCE, Kalapie, Elkartu eta Hirukide elkarteek parte hartu dute erregelamendua adosterakoan.
Nobedade bezala, itsuak eta aulki gurpildunetan mugitzen diren pertsonak beraien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko beharrezkoa den laguntza emateko gai den pertsona batek lagunduta bidaiatu ahal izango dute. Pertsona horrek doan bidaiatzeko aukera izango du.
Mugikortasun murriztua duten bidaiariek beraientzat erreserbatuta dauden aulkiak libre uzteko eskaria egin dezakete, erregelamenduaren arabera. Tokia uzten ez dioten bidaiariak eserita badaude, gidariak eskatuko die erreserbatutako eserleku horiek behar dituzten bidaiariei uzteko. Desadostasunik balego, erregelamenduak azken hitza gidariari ematen dio.
Autobusera igotzeko lehentasuna ere arautzen du martxoaren 14ean indarrean sartuko den araudiak, eta lehentasun-ordena honako hau da: lehentasuna aulki gurpildunean lekualdatzen diren pertsonek dute; ondoren, haur-kotxeek eta aulkiek (beti ere hauek jada autobusean ez badaude) eta bizikletak azkenik. Eta haur-kotxea edo aulkia, bizikleta edo etxeko animaliak eramaten dituztenek ez dute inolako errekargurik ordaindu beharko.
Lurraldebusek eskaintzen dituen zerbitzuetan eta Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate eta Hernani hiriko autobusetan ezarriko da erregelamendua eta, aurreikusitakoaren arabera, datozen hilabeteetan Donostiako autobusetan. Erregelamendua osorik ikusi nahi izanez gero bi aukera dago link honetan edo Donostiako Easo kaleko 74 zenbakian dagoen arreta zerbitzuan (943 000 117 telefonoan).