Donostia, 2025eko urtarrilaren 27a
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLAk) 2025. urteko lehen Batzar Orokorra ospatu du, Ez Ohiko deialdian, eta bertan Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiako eta Donostiako, Irungo, Errenteriako, Eibarko, Zarauzko, Arrasateko, Hernaniko, Tolosako, Lasarte-Oriako, Oiartzungo eta Oñatiko Udaleko ordezkariek berretsi egin dute kalitatezko garraio publiko integratu baten aldeko apustua. Gaurko batzarrean, aurreko bileran ezarritako deskontuak mantentzea erabaki da eta 12 urtetik beherako gazteentzako garraio publikoaren doakotasuna nola ezarri definitu da.
Doakotasuna gaztexoentzat urtarrilaren 30etik aurrera
Orain arte, 6 urtetik beherako haurrek Gipuzkoako garraio publikoan doan bidaiatzeko aukera izan dute. Orain adin-tartea zabaldu egin da eta onura hau 12 urtera arte luzatu da. Beraz, adingabeek 12 urte bete arte doakotasunaz gozatu ahal izango dute. Neurri honen helburu nagusiak bi dira: familien karga ekonomikoa murriztea eta haurtzarotik garraio publikoaren erabilera sustatzea, ohitura jasangarriak eta arduratsuak sustatuz.
Arratsalde honetako batzarrean adostu den bezala, neurri hau urtarrilaren 30ean sartuko da indarrean. Bere aplikazioa unibertsala izango da, nahiz eta erabiltzeko modua operadore bakoitzaren arabera desberdina izango den. Kontuan izan behar dugu Mugi sistema osatzen duen garraio-sarearen aniztasuna, eta horrelako berrikuntza bat gauzatzeko ahalegin handia egiten ari direla GGLA eta Mugi sistema osatzen duten garraio-operadoreen talde tekniko eta pertsonalak.
"Gazte" txartela eta operadore bakoitzaren jarduteko modua
Doakotasunaz baliatzeko, erabiltzaileek nahitaez Mugi txartela pertsonalizatua izan behar dute. Mugi Gazte G Txartela ("gazte" txartela deitua ere) duten adingabeek ez dute inolako izapiderik egin behar. Azpimarratu behar da hau ez dela txartel berri bat; 25 urtetik beherakoek gaur egun erabiltzen duten txartela da. Mugi txartel pertsonalizatua ez duten 12 urtetik beherakoek bakarrik eskatu beharko dute txartela, doan bidaiatzeko. Eskaera modu telematikoan edo aurrez aurre egin daiteke, baina izapideak errazteko, online egitea gomendatzen da: solicitudes.atgipuzkoa.eus:8453.
Garraiora sartzerakoan, eta trantsizio aste hauetan, 12 urtetik beherako gazteek honela jokatu beharko dute operadorearen arabera:
- Lurraldebus: Adingabeek gidariari beren "gazte" txartela erakutsi beharko diote, eta gidariak doako paperezko txartela emango die.
- Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Tolosa, Lasarte-Oria, Oiartzun eta Oñatiko hiribusak: Prozedura Lurraldebuseko autobusen berdina izango da.
- DBus: DBus autobus flotaren txartel balidatzaileak otsailaren 5erako prest egongo dira adingabeen doakotasunarekin funtzionatzeko. Data horretatik aurrera, erabiltzaileek normaltasunez balidatu besterik ez dute egin beharko autobusera sartzean. Ordurarte, Dbus-ek luzatutako argibideak jarraitu beharko dituzte.
- Euskotren: Erabiltzaileek sarrera eta irteera tornuetatik ohiko moduan txartela balidatu besterik ez dute egin behar.
- Renfe Aldiriak: Sistema automatikoki funtzionatuko du, eta erabiltzaileek txartela balidatu besterik ez dute egin behar pasatzerakoan.
- Pasaiako motora: Motoran sartzean, erabiltzaileek "gazte" txartela erakutsi beharko dute, eta doako paperezko txartela emango zaie.
6 urtetik beherako adingabeen kasuan, ez da ezer aldatzen, izan ere, erabiltzaile hauek ez dute txartelik behar bidaiatzeko eta beren bidaiak doakoak izaten jarraituko dute orain arte bezala.
Orain arteko deskontuen luzapena
Bestalde, % 50eko beherapenei dagokienez, GGLAko presidenteordeak, Azahara Domínguez Urtizberea, "lasaitasun" mezua zabaldu du berriro. "Garraio publikoan % 50eko beherapenetatik disfrutatzen jarraituko dugu, abenduan egindako GGLAren batzarrean hitz eman genuen bezala. Bitartean, gainerako administrazioekin harremanetan jarraitzen dugu, datozen egunetan zer pauso emango diren ikusteko".