Donostia, 2024ko abenduaren 26a
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLAk) 2024. urteko azken Batzar Orokorrean ospatu du eta bertan Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiako eta Donostiako, Irungo, Errenteriako, Eibarko, Zarauzko, Arrasateko, Hernaniko, Tolosako, Lasarte-Oriako, Oiartzungo eta Oñatiko Udaleko ordezkariek berretsi egin dute kalitatezko garraio publiko integratu baten aldeko apustua.
Egungo deskontuen zabalpena
Batzar Orokorrak gipuzkoarrei MUGI sistemak eskaintzen dizkien hobariak mantentzea erabaki du sozialki bidezkoagoa den mugikortasun baten alde. Horrezkero, mantendu egingo dira Mugi Sistemak herritarrei eskaintzen dituen abantaila nagusienak, hala nola, erabileraren araberako deskontuak, ontzi-aldaketa guztien dohakotasuna (soilik bidaia luzeena ordainduko da), bai eta kolektibo zaurgarrienak babesten dituen hobari sistema ere.
Ohiko sistema honen hobariekin batera, 2022ko irailean ezarritako %50eko deskontua gehitu zaie, Espainiako Gobernuaren Errege Dekretu Legearen bidez ezarri zena. Deskontu hori 2025eko ekainaren amaierara arte mantenduko da. Deskontu gehigarri honen kostua %30 Espainiako Gobernuak, %10 Eusko Jaurlaritzak eta gainerako %10 tokiko erakundeek hartuko dute bere gain.
“Horrela, pertsona guztiek mugikortasun jasangarrirako duten eskubidea bermatzen dugu, errenta-maila eta bizi diren lekua edozein izanik ere, eta Gipuzkoa bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzen laguntzen dugu”, adierazi du GGLAren presidenteorde eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu den Azahara Domínguezek.
Haur eta gaztetxoen dohakotasunaren zabalpena
Iraunkorra eta irisgarria den mugikortasunaren aldeko apustuan, 12 urtetik beherakoek garraio publikoan doan bidaiatu ahal izatea da ekimen garrantzitsuenetako bat. Orain arte 6 urte baino gutxiagoko haurrek dohainik bidaiatu dute Gipuzkoako garraio publikoan. Doakotasuna duten adingabekoen adinaren tartearen zabalpenak bi helburu nagusi ditu: batetik, familiei karga ekonomikoa arintzea, eta bestetik, txikitatik garraio publikoaren erabilera sustatzea, ohitura jasangarri eta arduratsuak bultzatzeko.
Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuorde eta ATTGko egungo presidente den Miguel Ángel Páezek adierazi duenez, neurri hau "Euskadin tarifak integratzeko eredu baterantz egindako urrats bat da, eta horretan, adingabeak bezalako kolektiboek tratamendu espezifikoa jasotzen dute, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta, aldi berean, familien ekonomiak laguntzeko".
Neurri berri hau urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jarriko da indarrean. 12 urtetik beherako haurrek, doakotasun honetaz baliatzeko, derrigorrez “gazte” txartel eguneratua izan beharko dute; hau da, ez dute txartel berririk eskatu behar. Hasiera batean, balioztapen prozesua honakoa izango da: haurrak txartela gidariari erakutsiko dio, eta gidariak doako paperezko txartela emango dio. Etorkizunean, autobusetako eta trenetako sistemak egokituko dira, doakotasun hau balioztapen automatikoaren bidez aplikatu ahal izateko, beste kasuistiketan egiten den bezala.
Azahara Domínguezek horrela azaldu du emandako aurrerapausu hau: “Deskontuak orain arte ezagutzen ditugun moduan luzatzea eta hamabi urtetik beherakoen garraio publikoaren doakotasuna modu estrukturalean zabaltzea berri bikaina da Gipuzkoarentzat, izan ere, familia askorentzat lasaigarria izateaz gain, oso txikitatik ezartzen ditugu joan-etorrietarako ohitura jasangarriak. Garraio publikoaren erabilera sustatzeko politikak bultzatzen jarraituko dugu eta eskaintzen dugun zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitzen jarraituko dugu, gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoa erabil dezaten eta joan-etorrietarako ibilgailu pribatuaren mende egon ez daitezen”.
Azkenik, batzarrak tarifak %3ko igoera arin batekin egokitzea onartu du.
Hondarribiko Udala: kide berria GGLAn
Bestetik, Hondarribiko udalak egindako eskaerari bidea eman zaio eta aho batez onartu egin da Hondarribiko udala Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara atxikitzea. Horren ondorioz, patzuergoaren bazkide diren erakunde bakoitzaren bozka kopurua moldatu egin da.
Azahara Dominguezek Hondarribiko Udala GGLAn integratzea ere baloratu du: "Alkateari agindu nion moduan, Hondarribia Garraio Agintaritzan sartzea onartu dugu, eta hori albiste bikaina da herritarrentzat, MUGI sistemaren abantaila guztiez gozatu ahal izango baitute, behin hiriko autobusa martxan jartzen dutenean".